Jon Gutierrez Zendoia, DBH-ko lehenengo mailako ikaslea da. Txikitatik teknologia munduan murgilduta egon da eta gutxinaka, jada hasia da bere lehen pausoak ematen. Ondorengo elkarrizketa erakargarria, Xabier Urteaga Zendoiak, batxilergoko lehen mailako ikasleak burutu du. Zorionak gure ikasle biei egin duten lan bikainagatik !!

1-Nola hasi zinen teknologia mundu honetan?

5 urte nituela, inork ezer esan gabe, bururatu zitzaidan eta nire kabuz hasi nintzen nire lehenengo proiektuak burutzen, komuneko paperezko erroiloak erabiliz, kotxe txikiak sartzeko gaztelu bat egin nuenean. Ez naiz gogoratzen zehazki zenbat denbora behar izan nuen, baina uste dut, astebete inguru behar izango nituela lanak bukatzeko.

2Orain arte eskolan, honetan jarduteko aukerarik izan al duzue?

Ni, institutura iritsi berria naiz, orain arte, Zaldupe eskolan egin dudalako Lehen Hezkuntza, eta noizean behin tailerrak izaten genituen arren, teknologiarekin lotura zuten ekintza gutxi izan ohi genituen. Urtean pare bat aldiz, Zigorrekin etortzen zitzaizkigun DBH zein batxilergoko ikasleak, beraiek Teknologia arloan egindako lanei buruz hitz egitera. Batzuetan, egindako proiektuak probatzeko aukera ematen ziguten eta niri asko gustatzen zitzaidan hori.

3-Mundu honetan aritzen den jendea jarraitzen al duzu?

Normalean, sare sozialetan (YouTube eta TikTok-en) ikusten ditudan bideoetan inspiratzen naiz. Ez dut erreferente jakinik, baina badago YouTuber Amerikar bat asko gustatzen zaidana.

4-Hizkuntzei dagokienez, zenbat hizkuntzatan hitz egiteko gai zara? Erabilera praktikoa ematen al diozu ingelesari teknologian?

Hiru hizkuntzatan komunikatzeko gai naiz. Euskara da nire ama hizkuntza eta horrez gain, gazteleraz eta ingelesez ere hitz egiten dut. Badakit teknologia arloan erabilera praktikoa ematen zaiola ingelesari, baina momentuz ez dut horrekin topo egin.

5-Zer konta zenezake egindako hiru proiektu garrantzitsuenetaz?

Lehenengo, iazko ikasturtean osasun arloan oinarrituz, esku ortopediko edo protesiko bat egin nuen. Gorputz osoko robot baten eskua hartu eta atzaparretan eraztun batzuk sartuz eta horiek soka barrutik zeramaten lastotxo batzuekin lotuz, eskua mugitzea lortu nuen. Hasieran, mozorro bat egitea zen nire asmoa, baina YouTube-n ikusitako bideo baten ondorioz, plana aldatu eta hori egitea erabaki nuen.

Ondoren, petakoa, “Pinball” izenez ezagunagoa, egin nuen. Hilabete inguru behar izan nuen lan hau guztiz bukatzeko eta aulki gamerraren kutxa aprobetxatu nuen.

Azkenik, aurtengo udako oporretako azken astean, egunero goiz osoak lanean igaro ostean, autotxoke bat egin nuen. Kartoiarekin txasia eta apaingarriak egin nizkion, azpialdean, Carverra jartzen zaio eta hodi batzuekin eusten denez, ez da iraultzen.

6-Jendeak egiten duzunaren berri ba al du?

Azkenaldian, jendea harrituta geratu izan da, ni hain gaztea izanda, nik burututako proiektuen berri izatean. Batez ere, nire lagunak, autotxokearekin institutura agertu nintzenean. Ni baino zaharragoa den jendea ere, galderak egiten hasi zitzaidan eta autotxokeak jende askoren begirada erakarri zuen.

7-Horrelako lanak egiterako orduan, jasotzen al duzu laguntzarik? Eta materiala nondik lortzen duzu?

Gehienetan nik bakarrik egiten ditudan arren, batzuetan, nire aitak esku bat botatzen dit, lana errazteko. Lan horiek aurrera eraman ahal izateko, aitaren bitartez lortzen dut materiala, burdindegi batean lan egiten baitu. Handik lortzen dizkit behar ditudan kartoiak.

8-Etorkizunera begira, zer duzu pentsatuta? Zein izango litzateke zure ametsa?

Unibertsitatera iristean, arkitektura ikastea gustatuko litzaidake, eraikin modernoetara zuzentzeko. Horrez gain, lur-sail bat erostea izango litzateke nire ametsa, han egurra lantzeko edo material hau erabiliz zerbait sortzeko.